2. Emakumeen berdintasuna eta osotasuna
Aurrekariak
Arartekoak, pertsonen eskubideak defendatzeko lanen barruan, emakumeen eta gizonen berdintasunaren printzipio konstituzionala (EK 14. artikulua) betetzen dela ziurtatu eta defendatzeko funtzioa dauka. Horretarako,euskal agintari publiko guztiei eskatzen die beharrezko neurriak har ditzatela, berdintasunaren eta sexuagatiko bereizkeriarik ezaren printzipio hori ez dadin postulatu formal hutsa izanik, baizik eta erreala eta eraginkorra bihur dadin, horretarako helburu hori zailtzen duten oztopoak era aktiboan baztertuz (EK 9.2 artikulua).
Hori guztia dela eta, berdintasunaren eta sexuagatiko bereizkeriarik ezaren eskubidean egiten den edozein urraketari dagokionez euskal herri-administrazioen jarduerak edo jarduera-faltak kontrolatzea da, funtsean, Arartekoak berdintasunaren arloan duen funtzioa, bai ikuspegi formaletik, bai ikuspegi materialetik. Eremu horretan, geroz eta garrantzitsuagoa bilakatzen ari da administrazio desberdinei berdintasun materiala lortzeko ekintza positiboak martxan jartzeko eskatzea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Eusko Legebiltzarraren 4/2005 Legeak eta emakumeen eta gizonen benetako berdintasunerako 3/2007 Lege Organikoak ezarritako parametroen arabera, lehen aipatutako aurreikuspen konstituzionalak garatuz.
Genero-indarkeria ere erakunde honen ardura nagusietako bat da, eta, ondorioz, arlo honetan egiten dugun lanaren zati handi bat horretan oinarritzen da. Hala, gure funtzioen artean ezinbesteko lehentasuna daukate genero-indarkeria ezabatzeko borrokak eta ahaleginak, jakin badakigulako emakumeen aurkako indarkeriaren arrazoia emakume eta gizonen arteko egitura-desberdintasunean aurkitzen dela.
Arlo honetako jardueran proiektatzen dira, era berean, emakumeen herritartasun oso eta aktiboaren eta protagonismo sozialaren alde egiten duten ekimen desberdinen sustapen eta bultzada, oraindik emakumeak gizonen aldean gutxiesten dituzten inertzia kultural eta sozialen aurrean.
1. Kexarik aipagarrienak
1.1. Emakumeen bereizkeria jaien eta kulturaren arloan
Aurten ere, erakunde honek emakumeek jaietan eta kulturan jasaten duten desberdintasunean esku hartu behar izan du. Bi izan dira, zehazki, kontu honekin lotutako erreklamazioak jaso dituzten gaiak:
1.2. Ekintza positiboak eta berdintasunaren printzipioa enplegu publikorako sarbidean
2012. urtean zehar hainbat kontsultatan galdetu digute ea nola jokatu behar duten herri-administrazioek, emakumeen ordezkaritza baxua dagoen eremuetan emakumeek lanpostua eskuratzeko aukera erraztuko duten ekintza positiboak aplikatzeko orduan. Enplegu publiko jakin batzuetako sarbidean berdintasuna sustatzeko gogo berezia duten baina ekintza positiboak berdintasunaren printzipioa urratu gabe aktibatzeko modua ezagutzen ez duten udal batzuek bidali zizkiguten kontsulta horiek. Gaia ebazteko orduan, Auzitegi Konstituzionalaren eta Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren doktrinak ezarritako parametroak jarraitu ditugu. Horien arabera, oro har merezimendu-berdintasunaren printzipioa bete behar da ekintza positiborako neurriak aplikatzeko aurretiazko baldintza gisa. Hala ere, euskal agintari publiko batzuek egindako eskari hauetan argi ikusi duzu gaiari buruzko orientazioa behar dela eta gure sistema publikoak beharrizan hori behar bezala estali behar duela. Horrenbestez, Emakunderi eskari horren berri emateko asmoa daukagu.
1.3. Erlijio-arrazoien ondorioz osasuneko profesionalak beren sexuaren arabera hautatzea
Iaz bezala, erlijio-arrazoien ondorioz osasuneko profesional bat sexuaren arabera hautatzeari buruzko gai bat planteatu zaigu. Emakume musulman baten gizona izan da kasu honetan ere gure erakundera jo duena. Izan ere, gizonak uko egin dio bere emazteak, haurdunaldian zehar, gizonezko mediku ginekologoaren arreta jasotzeari eta emakume baten arreta eskatu du.
Kexa horrek pizten duen arazo konplexua aztertu da, baina erakunde honek ezin izan du ondorioztatu gaixoaren askatasun erlijiosorako eskubidearen edukia oinarri nahikoa denik medikuntza eta osasunaren arloko profesionalei dagokien berdintasunaren eskubidea salbuesteko, Osakidetzak oso-osorik errespetatu behar duen eskubidea baita. Halaber, egiaztatu ahal izan dugunez sexu-arrazoien arabera hautatutako osasun-langileen kontu hau, sinesmen erlijiosoetan oinarritutakoa, gure inguru europarreko beste herrialde batzuetako osasun-sistema publikoetan ere planteatu da eta, horietan ere, osasun-langileen berdintasunerako eskubidea babestea izan da erantzuna. Ondorioz, erreklamazioa aurkeztu dutenei eta euskal osasun-zerbitzuari jakinarazi diegu ezin dela zerbitzu medikoak emango dituen pertsona sexuaren arabera hautatzeko eskatu. Izan ere, hala eginez gero, sistema publikoak sexu-arrazoien ondoriozko bereizkeria babestuko luke. Hala eta guztiz, Osakidetzari planteatu diogu emakume horri bere haurdunaldian eta erditzean arreta ginekologikoa eskaintzeko formulak azter ditzala, sexu-arrazoien arabera hautatutako profesionalak albo batera utzita (esate baterako, gaixoa lurralde bereko beste zentro batera lekualdatzea, bertako tokoginekologia zerbitzua emakume baten esku badago).
1.4. Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek etxebizitza babestua eskuratzeko aukerak
Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeen arretari buruz egindako kexen artean urtero agertzen da genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek etxebizitza eskuratzeko duten aukeran ekintza positiboko neurriek duten eraginkortasun urria. Arazoa zera da, talde horrek etxebizitza babestuen alorrean ekintza positiboko neurriak eskuratzeko bete behar dituen baldintza eta prozedurak. Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzat etxebizitzaren arloko ekintza positiboko neurriei buruzko Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2006ko urriaren 4ko Aginduak arautzen ditu, oraindik ere, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek babes publikoko etxebizitzak eskuratzeko dituzten modu desberdinak. Berez, ohiko bidea kupo bereziaren bidea da. Horren arabera, hainbat baldintza betetzen dituzten emakume biktimak kupo batean sartzen dira eta, beraz, zozketetan esleipendun izateko aukera gehiago dituzte. Kupo horrek ez du ziurtatzen, hortaz, etxebizitza esleituko denik, eta, ondorioz, emakume hauek etxebizitza bat benetan eskuratzeko duten aukera sine die atzeratu daiteke. Hori dela eta, esandako aginduan 39/2008 Dekretuan araututako aparteko sarbidera jotzen duen aurreikuspena eraginkorragoa da, beharrizan bereziko salbuespen-kasuetan etxebizitza zuzenean esleitzeko aukera xedatzen baitu, adar horretako sailburuaren eskutik.
Erakunde honetako etxebizitza-arloak ofiziozko jarduera bat garatu du 2012. urtean, aipatutako babes ofizialeko etxebizitzak esleitzeko salbuespenezko prozeduraren aplikazioari dagokionez. Aukera hori, oro har, babes publikoko etxebizitzen araubide juridikoari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko 39/2008 Dekretuko 12. artikuluko 2 eta 3. paragrafoetan arautzen da.
Jarduera horren helburua zera zen, babes ofizialeko etxebizitzak esleitzeko prozedura horiek objektibo bihurtzeko eta berdintasun-parametroetan gauzatzeko jarraitu diren irizpideak ezagutzea eta gardentasuna ematea, bereziki baztertuta dauden talde jakin batzuentzako ezartzen duten salbuespena kontuan hartuta (horien artean sartzen dira genero-indarkeriaren biktimak). Jarduera horren emaitzak zehatzago azaltzen dira txosten honetako etxebizitzaren arloari buruzko atalean.
Hala ere, azpimarratzekoa da jarduera horri esker zera jakin ahal izan dugula, etxebizitzaren esleipen zuzeneko salbuespen-prozedura horrek gehien lagundu duen taldea genero-indarkeriaren biktima diren emakumeena izan dela, hain zuzen ere. 2010ean (emandako datuen azken urtea), zehazki, zuzeneko esleipen hauen ia % 60 batzen du eta guztira 11 etxebizitza esleitu zaizkie genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei. Datu horrek, gure ustez, argi uzten du genero-indarkeriaren biktima izan diren emakumeentzako etxebizitza babestuak eskuratzeko mekanismoak aurreikusi behar direla, 2006ko urriaren 4ko Aginduan ezarritako sarbide-parametroen gainetik. Agindu horrek, esan bezala, gai hau arautzen du, baina haren ohiko sarbide-moduak ez dira nahikoak indarkeriaren biktima diren emakumeek bizi duten etxebizitza-beharrizanari benetako erantzun eraginkorra emateko. Horrenbestez, talde honen egoera berezia 39/2008 Dekretuko 12. artikuluko salbuespenaren arauketa baino gehiago jorratu beharko litzateke, orokorrean edo ohiko gisa.
2. Araudia
2012. urtean zehar, genero-berdintasunaren eremuko erreformarik esanguratsuena Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legean gauzatutakoa izan da, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea aldatzen duen otsailaren 16ko 3/2012 Legeak eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea sortzeari buruzko Legeak ezarritakoa, hain zuzen ere. Erreforma horren ondorioz, Berdintasunaren Defentsa Erakundea ezabatu da, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legeko IV. titulua indargabetu egin baita. 3/2012 Lege berriko arrazoien azalpenaren arabera, “Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Defentsa Erakundeari ematen dizkion eginkizunak aurretiaz Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak bete izan ditu, eta eginkizun horiek, aldi berean, erakunde autonomoak izendatuta dauzkan egitekoekin bat datoz. Ondorioz, eskumen-gatazkak sortzea eta egitekoak gainjartzea saihesteko eta administrazio-egiturak arrazionalizatzeko, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legea eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea sortzeko otsailaren 5eko 2/1988 Legea aldatzeko arau hau onartzen da, xede izanik aipatutako defentsa-erakundea kentzea eta beraren gaiak eta eginkizunak Emakunden txertatzea. Helburu horrekin, lege-aldaketa honen xedea Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen III. tituluko VIII. kapitulua sortzea eta lege horren beraren IV. titulua kentzea da, eta, halaber, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea sortzeko otsailaren 5eko 2/1988 Legearen zenbait artikulu aldatzea.”
2011. urteari buruzko gure txostenean, erakunde honek ezabapen horri buruz zuen iritzia adierazi genuen, Eusko Legebiltzarrean azaldu zen bezala, Eusko Legebiltzarreko Gizarte Politika, Lan eta Berdintasun Batzordeak eskatuta. Arartekoak, 2002/73 CE eta 2004/113/CE Zuzentarauak (8 eta 12. artikuluak, hurrenez hurren) ikusita, organo independente bat egotearen garrantzia defendatu zuen. Organo horrek sexu-berdintasunaren printzipioa betetzen dela zaindu beharko luke eta herritarrak defendatu beharko lituzke eremu pribatuan egiten diren egoera edo praktika bereizleen aurrean, nahiz eta horrek ez duen aurretik ezartzen zein izan behar den haren egitura organikoa. 2012. urtean zehar Emakunde izan da lehen Berdintasunaren Defentsa Erakundeak egiten zituen funtzioak bete dituena. Erakunde honek Arartekoarekin izandako koordinazioa, bi erakundeen artean kexa edo salaketak jaso eta bidaltzeari dagokionez, arina izan da eta ez du arazorik eman.
3. Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
2012. urterako egindako jarduera-planaren esparruan, arlo honetan gauzatutako jarduera nagusiak aipatuko ditugu jarraian. Azalpenean zehar, Arartekoarentzat emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan arreta-iturri tematiko nagusiak zeintzuk izan diren azpimarratuko dugu:
3.1. Arloan sustatutako ofiziozko jarduerak
a. Lurraldeko eta hirigintzako plangintza-tresnek duten genero-eraginaren ebaluazioa
Hiria Kolektiboak egindako kexa batek Eusko Jaurlaritzak sustatutako aukera eta prozedura zalantzan jartzen zituen, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduko Gidalerroak aldatzeari zegokionez. Kexa hori tramitatzean, bada, gure esku-hartzearen eremua hedatzea erabaki genuen eta informazio eskatu genien, bai Eusko Jaurlaritzari, bai hiru foru-aldundiei, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legean aurreikusitako genero-eraginaren ebaluazioen egungo egoera ezagutzeko, EAEko lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legean eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko 4/1990 Legean, hurrenez hurren, aurreikusitako plangintza-tresna desberdinak (lurraldekoak eta hirigintzakoak) zirela eta. Genero-eragina ebaluatzean, proiektatutako jarduerak berdintasunaren helburu orokorrean eragin positibo edo negatiboak izan ditzakeen aztertzen da, eragin horiek bilatuak izan ez arren, edo berariaz adierazita edo aurreikusita egon ez arren. Erakunde honen iritziz, legezko betebehar horretan sartu behar dira lurraldeko eta hirigintzako plangintza-tresnak ere, emakumeen eta gizonen berdintasuna lortze aldera. Hori dela eta, ezinbestekoa iruditzen zaigu genero-ikuspegi hori kontuan hartuko duen azterketa egitea, plangintza-jardueren ondorioak (batzuetan ezkutukoak) argitu ahal izateko.
Kontsultatutako herri-administrazio desberdinen erantzunak jaso ditugu, eta, orokorrean, genero-eraginaren ebaluazio horiek egitearen alde agertu dira. Hala eta guztiz, oraindik ez dugu ikusi genero-eragina ebaluatzeko prozedura jarraitu duen plangintza-tresnarik. Helburu hori lortze aldera, ezinbestekoa da generoaren eraginaren aurretiazko ebaluazioa egiteko Gidalerroak1 erabiltzea –une honetan genero-eragina ebaluatzeko legezko betebeharra betetzen duen prozedura ezartzeko jarraibide eta oharrak arautzen dituzte Eusko Jaurlaritzak agindutako neurrietarako–, edo hala badagokio, prozedura zehatz berriak antolatu beharko dira, lurraldeko eta hirigintzako plangintza-tresnetan (baita beste administrazio, aldundi edo udalerri batzuetatik datozenetan) genero-eraginaren ebaluazioari buruzko legezko aurreikuspenak aplika daitezen. Erakunde honek gaiak zein bide jarraitzen duen zaintzen jarraituko du.
b. Emakumeen eta gizonen berdintasuna jaietan
Euskadiko jaietan emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko gomendio orokorraren (Arartekoaren abenduaren 21eko 3/2010 gomendio orokorra) jarraipena egitean, 2012. urtean zehar gai hau lantzen jarraitu dugu eta hainbat bilera izan ditugu bai Emakundeko arduradunekin, bai Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasuneko Zuzendaritzarekin, gai honekin lotutako kexa gehien bertan ematen direla kontuan hartuta. Zuzendaritza horrek adierazi duenez, foru-erakundearen esku dauden bitarteko guztiak aztertzeko asmo sendoa dauka, gai honen eragina izan duten udal gipuzkoarren politiketan emakumeen eta gizonen berdintasuna (jai guztietan) bermatuko duten aldaketak sar daitezen. Horretarako, estrategia orokor bat diseinatzen ari dira, emakumeen aurkako adierazpen bereizleak gainditzen lagunduko duen kontzientzia sozial eta instituzionala lortze aldera. Adierazpen horiek, izan ere, oraindik era ageri dira lurraldeko jaialdi edo ekintza kultural batzuetan.
c. Genero indarkeriagatik hil ziren bi emakumeren kasuan egindako jarduerak
Beraien bikote ohiek burututako bi eraso bortitzen ondorioz, bi emakume hil ziren Euskadin, genero indarkeriaren biktima, 2010ean eta 2011n, hurrenez hurren. Horregatik, Ararteko erakundeak ofiziozko bi jarduera hasi zituen, bi kasuetan heriotzaren aurretik jazo ziren gertakariak argitzeko asmoz, halakoetan burutzen diren jarduera publikoetan hobekuntza-eremurik ba ote dagoen ikusi eta etorkizunean halako emaitzak prebenitzea indartzeko.
Ofiziozko espediente horietan, Herrizaingo Sailak eman digun informazioak nolabait argitzen du nola hobetu daitezkeen esku-hartze publikoak eta genero indarkeriaren biktima diren emakumeei emandako laguntza, aztertu diren kasu horietan izandako zoritxarreko ondorioa prebenitze aldera. Erakunde honek kasu horien gaineko ondorio orokor batzuk helarazi dizkio 2012an Herrizaingo Sailari, Etxeko tratu txar eta sexu erasoen biktima diren emakumeei eskaintzen zaien laguntza hobetzeko Erakunde arteko II. Akordioaren Jarraipen Batzordean parte hartzeak eskaintzen digun erakunde esparruan. Foro horrek, bertan ordezkaturiko erakunde publiko guztiak aurrean direla, aukera eman digu gure iritziak zuzenean Herrizaingo Saileko ordezkariekin kontrastatzeko, Genero Indarkeriaren Biktimak Artatzeko Zuzendaritzaren bitartez.
Era berean, aztertutako gertakariak eta ofiziozko bi espediente horietan egindako gogoetak aintzat hartuta, Arartekoak bere ondorioak ebazpen batean biltzea erabaki du. Ebazpen hori txosten hau itxi ondoren argitaratuko da.
3.2. Elkarteekin egindako bilerak
Ikuspegi desberdinetatik emakumeen eta gizonen berdintasunaren eremuan lan egiten duten elkarteekin egindako bilera hauek azpimarratu behar ditugu.
3.2.1. Emakumeek alardeetan parte hartzearen aldeko elkarteak
Hainbat bilera izan ditugu, Jaizkibel Konpainia, Joana Mugarrietakoa eta Alardezaleak taldeen eskaerari erantzunez, Irun eta Hondarribia herriek emakumeek alardeetan izan beharko luketen partaidetzari buruz bizi duten gatazka jorratzeko. Bilera horietan landu diren gaien artean honakoak egon dira: alderdi zehatzen artean, batetik, esku-hartze instituzional desberdinak (bi udalerrietako udalak eta Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saila), eta, bestetik, emakume eta gizonek 2012ko alardeetan parte hartzeko duten berdintasun-eskubidearen gaineko eragina; bestalde, bi alardeetan emakumeen partaidetza oso eta parekidea lortzeko beharrezko babes eta apustu instituzional eta soziala batzeko gai estrategikoak.
Talde hauekin egin ditugun bileretan, lanean jarraitzeko eta gure esku dauden bitarteko guztiak erabiltzeko konpromisoa hartu dugu, emakumeek Irun eta Hondarribiko jaietan integrazio parekidea izan dezaten, aurreko urteetan egin dugun bezala.
3.2.2. Genero-indarkeriaren kontrako borrokan lan egiten duten elkarteak
Aurten Haize Berria elkartearekin harremanetan egon gara. Genero-indarkeria jasaten duten emakumeen elkarte hau 2012. urtean eratu zen eta Euskal Autonomia Erkidegoan jarduten du. Emakume horien eskari eta kritikak, orokorrean, laguntza-zerbitzuen sistemaren koordinazio eskasari buruzkoak dira, kasu askotan ez baitute bertara jotzen duen biktimek espero duten erantzuna ematen. Justizia-sistemak emakume hauen prozesuetan sortu dituen zailtasunak ere azpimarratu dituzte. Izan ere, beren ezkontza-bizitzari amaiera ematea eta beren erasotzailearen aurkako salaketa jartzea erabakitzen dutenean aurkitzen dituzten arazoak ez konpontzeaz gain, kasu batzuetan egoera are okerragoa bihurtzen dute, erasotzaileak kontra-salaketak jarri edo seme-labak erabiltzen dituenean, bere zigorgabetasuna lortze aldera, prozesu judizialen esparruan biktimari presioa egiteko. Ildo horretatik, seme-alabak dituzten emakumeen kasuak aipatu dituzte bereziki. Izan ere, emakume horiek pasatu behar dituzten prozesu desberdinen bilakaera konplikatu egiten da, eta, orokorrean, ez dakigu zein den haur horien egoera, beren amek jasandako indarkeriaren bigarren biktimak diren aldetik. Emakume-sareen sorrera bultzatzeko beharrizana planteatu digute. Hala, sare horiek elkartasuneko eta autolaguntzarako gizarte-loturak sortu ditzakete emakume biktima horien artean, beraiek baitira prozesu horietan beharrezko laguntza eta giza babesa ondoen eman dezaketenak.
Elkarte honen adierazpenak bat datoz, orokorrean, erakunde honek biktimen laguntza sozial, juridiko eta ekonomikorako egungo sistemari buruz daukan iritziarekin, baita justizia-sistemaren funtzionamenduan antzemandako arazoekin, atal honen azken zatian laburbildu dugun bezala.
3.3. Administrazio eta erakundeekin egindako bilerak
Arlo honi eragiten dioten gaietan jarduten duten herri-administrazioekin egindako bileretatik honakoak nabarmendu nahi ditugu:
3.3.1. Arartekoaren partaidetza Etxeko tratu txarrak eta
sexu-indarkeria jasaten dituzten emakumeei harrera hobea egiteko Erakundeen arteko II. Akordioaren Jarraipen Batzordean
2011. urteaz geroztik, Arartekoak Etxeko tratu txarrak eta sexu-indarkeria jasaten dituzten emakumeei harrera hobea egiteko Erakundeen arteko II. Akordioaren Jarraipen Batzordean parte hartzen du (batzordean bertan eta erakundeen arteko talde teknikoan), gure ikuspegi instituzionala islatzeko, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei zuzendutako jarduera publikoetan sortutako arazo edo hutsune posibleak nabarmendu eta egoera hobetzeko proposamenak egite aldera.
2012. urtean, Arartekoak batzorde horren eta haren barruan sortutako erakundeen arteko talde teknikoaren bilera guztietan parte hartu du. Lan-bilera desberdinetan zehar, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeen arretari buruzko alderdi desberdinen ikuspegia adierazi dugu eta ikuspuntuok jorratu ditugu. Bereziki azpimarratu nahi dugu erakundeen arteko talde teknikoak egindako lan-agiria, “Hobe daitezkeen alderdiak eta lan-proposamenak Erakundeen arteko II. Akordioari dagokionez” izenekoa. Bertan, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei laguntza eta arreta emateko eskumena duten euskal sare instituzional guztian antzemandako hutsune nagusiak eta eremu hobegarriak laburbildu dira, eta, horrez gain, sistemaren ahulezia horiek hobetzeko proposatzen zehatzak egin dira. 2012. urtean onartu zuen agiria Erakundeen arteko Batzordeak eta aipatu agiritik ondorioztatutako lehentasunak zeintzuk ziren adierazteko eskatu zion talde teknikoari. Agindu horren ondorioz, erakundeen arteko talde teknikoa proposamen nagusien laburpena burutzen ari da, txosten hau amaitzean, aipatutako azterketa-agirian oinarrituta. Hala, premia gehien duten lehentasunak ezarri nahi ditu, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei arreta eta laguntza emateko sistema hobetzeko asmoz. Lehentasunok euskal administrazioek berehala bete beharreko jarraibideak ezartzen dituzte eta Euskadin landu beharko dira.
3.3.2. Emakunderekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasuneko Zuzendaritzarekin egindako bilerak
Lehen ere azaldu dugun bezala, erakunde honek Euskadiko jaietan emakumeen eta gizonen berdintasunari buruz egindako gomendio orokorraren jarraipenaren esparruan, urtean zehar hainbat bilera izan ditugu Emakunderekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasuneko Zuzendaritzarekin. Gai hau zehatzago ezagutzeko, lehen arlo honetako ofiziozko jarduerei buruzko atalean adierazitakoa errepikatzen dugu.
4. Herritarren eskubideek emakumeen eta gizonen berdintasunaren eremuan duten egoeraren balorazioa
Aurreko urteetan bezala, emakumeen berdintasun eta osotasunaren arretarako arloak ez ditu herritarren kexa ugari jaso. Hori horrela, ondorioztatu dezakegunez herritarrak nahiko konforme daude herri-administrazioen esku-hartzea duten gai desberdinetan egiten den ohiko kudeaketarekin eta orokorrean sexuagatiko bereizkeriarik ezaren printzipioa betetzen dela pentsa genezake. Horrenbestez, administrazioaren jarduerek berdintasun formalaren printzipioari dagokionez zuzentasun orokorra erakutsi dutela pentsa daiteke. Hala ere, kontuan hartu beharra dugu egun herri-administrazioek duten erronkarik handiena emakumeen berdintasun material, eraginkor eta benetakoa lortzea dela, eta, horretarako, helburu hori betetzeko berariazko neurriak jarri behar dira martxan, hots, kasu askotan ekintza positiboko eta herritarren sentsibilizazio eta kontzientziaziorako neurriak. Horren harira, ezinbestekoa iruditzen zaigu honako alderdi hauek azpimarratzea:
4.1. Berdintasuna eta jai- eta kultura-arloko tradizioak
Azken urteotan erakunde honetan kexa ugari jaso dira gai horiei buruz eta, zoritxarrez, argi uzten dute emakumeekiko bereizkeria edo desberdintasunak oraindik ere presente daudela eremu eta espazio jakin batzuetan, eta gizarteak nolabait babestu egiten dituela, erakunde publikoek, jarrera horiek pribatuak direla argudiatuz, ez baitute beharrezko irmotasunez jokatzen egoera horiei amaiera emateko, gure sistema demokratikoan onartezinak izan arren. Erakunde honek etengabe jarraituko du lanean, euskal agintari publikoek, bakoitzak bere eskumenen neurrian, kasu hauetan guztietan egoera argitzeko betebeharra bete dezaten eta era aktiboan parte har dezaten, jarrera horiek zuzenean edo zeharka babesten dituzten jarrera guztiak ukatuz eta ekintza positiboko neurrien bidez eremuotan emakumeen berdintasunerako eskubidea defendatzen duten ekimenak sustatuz, bereziki herritarren sentsibilizazioa eta kontzientziazioa, halako jarrerak gure kulturatik, gure jaietatik eta gure tradizioetatik behin betiko ateratzeko.
4.2. Krisi ekonomikoa eta txirotasunaren feminizazioa
Etorkinei eta gizartean baztertuak dauden pertsonei buruzko ataletan zehatzago jaso da krisi ekonomikoaren ondoriozko herritar-maila batzuen etengabeko txirotzeak kolektibo hauetan dauka eragina. Hala bada, erakunde honetan gizarte-gaiei buruz jasotako kexak nabarmen igo dira.
Generoaren ikuspuntutik, egoera horrek emakumeengan duen eragin berezia azpimarratu behar dugu. Izan ere, horien kargura daude adineko pertsona, mendekotasunak dituzten pertsona eta haur gehienak. Emakumeak, bereziki guraso bakarreko familien titularrak, talde bereziki ahula bihurtu dira krisi-egoera honetan, eta, hala, aspalditik gure inguruan ere antzeman genuen txirotasunaren feminizazioa bortitzagoa bihurtzen ari da. Erakunde honen iritziz, ezinbestekoa da euskal agintari publikoek txirotasunaren feminizazio-prozesu hori aitortzea eta horren arabera jardutea, emakumeak ahalduntzeko (ekonomian, kulturan eta gizartean) neurria berriak aktibatuz, gizarte-agente estrategikoak bihur daitezen txirotasun-egoerei eta gizarte-bazterkeriari aurre egiteko orduan.
Bestalde, gai honetan bereziki azpimarratu da ekintza positiboak ezartzeko beharrizana. Hala gertatzen da ahulezia-egoera berezian dauden emakumeen kasuan. Izan ere, bereizkeria bikoitza jasaten dute, emakume etorkinen edo ezgaitasunen bat dutenen kasuan bezala, eta egoera partikular hori kontuan hartuta, ekintza positibo bereziki sendoak jarri behar dira martxan, berdintasun materialeko kuota handiagoak lortu eta gizarte-bazterkeriari aurre egite aldera.
4.3. Genero-indarkeria
Lana erakundeen arteko talde teknikoaren esparruan
Etxeko tratu txarrak eta sexu-indarkeria jasaten dituzten emakumeei harrera hobea egiteko Erakundeen arteko II. Akordioaren Erakundeen arteko Batzordea, erakundeen arteko talde teknikoaren bidez (Arartekoak bertan ere parte hartzen du), proposamen nagusien laburpena burutzen ari da, txosten honen amaieran, azken bi urteetan zehar egindako azterketa-agiri luzean oinarrituta, genero-indarkeriaren alorrean eskumenak dituzten euskal erakunde guztien partaidetzarekin. Laburpen-agiri horrek lehentasunik premiazkoenak ezarri nahi ditu Euskadin genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei laguntza eta arreta ematen dien sistema hobetzeko.
Antzemandako hutsuneen artean sartzen dira, besteak beste, baliabide jakin batzuk ez direla nahikoak; administrazio batzuen artean koordinaziorik ez dagoela eta lurralde-koordinaziorako organoak jarri behar direla martxan; indarkeriaren biktima diren emakumeei arreta ematen dieten pertsonek eta sistema judizialeko agente desberdinek (abokatutza, epailetza, fiskaltza, eta abar) berariazko prestakuntza eta genero-ikuspegia falta dutela; arreta horren eremu batzuetan genero-ikuspegirik ez dagoela edo prestazioen arauak oso zorrotzak direla, ez dagoelako banakako erantzunik araudiaren aurreikuspenetan sartzeko zailak diren baina arreta publiko nahikoa merezi duten kasuetarako. Era berean, agerian gelditu da Erakundeen arteko Batzordearen lan-esparruan, adingabeak –indarkeria honen bigarren biktima diren aldetik– babestu eta prebenitzeko neurri espezifikoak jarri behar direla martxan.
Edonola ere, gure arreta-sistemak gai izan behar du emakume hauei lagunduko dieten prestazio eta baliabideak orientatzeko, indarkeria matxistaren edozein zantzu ahalik era arinen antzeman eta kasu horiei behar bezalako arreta emate aldera, berau jasaten duten emakumeak ahaldunduz, erasoen aurka defendatzeko bitarteko eraginkor (eta iraunkor) gisa.
Arartekoaren iritziz nahitaezkoa da dagozkien erakundeek lehentasunezko jardueren proposamen hau bere horretan onartu eta eraginkortasunez gauzatzea, horiek guztiek parte hartu baitute azterketan eta proposamen hauek adostu dituzte, beren ordezkarien bidez, Erakundeen arteko Batzordean. Ondorioz, behar-beharrezkoa da 2013. urtean zehar, luzamendurik gabe, sistemaren hutsuneak dauzkaten eremu zehatzetan hobekuntzarik premiazkoenak garatzeko aipatutako erreforma eta neurriak irmotasunez bultzatzea. Horren harira, etorkizuna desafio-garaia izango da euskal erakundeentzat, erakundeen arteko talde tekniko horrek egindako azterketa-lan sakon eta zehatzean oinarritutako apustu sendoa egin ahalko baitute Euskadin genero-indarkeriaren gizarte-gaitzaren aurkako borroka hobetzeko.
Etxebizitza
Duela zenbait urtetatik erakunde honek behin baino gehiagotan adierazi du Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2006ko urriaren 4ko Agindua (genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzat etxebizitzaren arloko ekintza positiboko neurriei buruzkoa) aldatu behar dela. Izan ere, hainbat arazo planteatzen ditu, bai bere aplikazio-eremuari dagokionez, bai etxebizitza eskuratzeko baldintzei dagokienez, baita etxebizitzak esleitzeko baldintzei eta araudi horrek etxebizitza eskuratzeko ezarritako bideei dagokienez ere. Lehen adierazi dugun bezala, agindu honetan aurreikusitako ohiko bideen benetako eraginkortasuna oso urria da genero-indarkeriaren biktima diren emakumeen artean dagoen etxebizitza-eskari handiari erantzuteko. Horregatik planteatu dugu, batetik, agindu honetako irizpideak berrikusteko eta, bestetik, Eusko Jaurlaritzarekin batera, beste erakunde batzuk ere (batez ere udalak eta, kasu jakin batzuetan, foru aldundiak) genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei etxebizitzaren prestazioa emateko erantzukizunean inplikatzeko.
1 2007ko otsailaren 13ko Eusko Jaurlaritzako Kontseiluaren erabakiz onartuak. Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariaren otsailaren 14ko 5/2007 Ebazpenak 2007ko martxoaren 13ko EHAAn argitaratu zituen.